Zer da Erletxea?

Inprimatzeko egokitutako bertsioa

logotipoInformazio eta hausnarketarako erlauntza da erletxea, akzio eta agitaziorako lekua. Baina ez hori bakarrik, sormen eta bihurrikeriaz beterik dago. Espazio fisiko zein birtuala da. Kale Nagusiko 5.eko lokal bat bezain eskuragarria da, eta baita bertan sortzen diren ideia, hausnarketa eta sentimenduak bezain ukiezina. Erletxea taldea, elkartea, elkartasuna da. Denona da.

Talde lana da. Eraldaketa soziala helburu duen talde lana. Mugimendua da, ibili beharreko bidea, zuzenean urruneko zeruertzerantz doana. Feminista da, edo ez da izango. Berria da, eta zaharra, doinu berdinarekin dantzan. Aldaketa beharra da, minarekin bukatu beharra, eta batez ere min hori sortu eta ugaltzen dutenekin amaitu beharra. SISTEMA KAPITALISTA akatu nahi dugu. Ezarritakoari, araututakoari ostikoa ipurdian. Dena nahi dugu, eta orain nahi dugu. Posiblea dena amesteko unea da eta ezin dena exijitzekoa. Azken finean, zu, gu eta zuek gara. Borroka uhartedi izan nahi duten irla txikiak gara. 

Zer dira Herri Ziztadak?

Akzioa dira, agitazioa. Elkarlana da, sentsibilitate eta ekimenen batuketa. Ideia eta ekintzen itsagora eta itsasbehera, "Irun, la ciudad del buen humor"-ekin hasi zena eta Sistema Kapitalistarekin amaitu besterik nahi ez duena. Geldirik egotea jada ez da aukera! Abian jartzeko garaia da. Mugitzeko garaia. Eskubideen alde egiteko garaia. Salatzeko garaia. Zaharretik berria sortzekoa. Interneten, baina batez ere kalean, plazetan, ikasketa zentruetan, lantokietan, tabernetan... Noiznahi eta nonahi. Pertsonentzat diren eta galduak ditugun espazioen berreskuratzea da. Inkomunikazioaren aurkako komunikazioa. Jasan, jasan, jasan... izanaz nekaturik gaude. "Umore oneko hiria"-z asperturik gaude, langabeziaz, pobreziaz, bazterketaz nazkaturik gaude. Noiz arte? Denok dugu erantzuna.

etiquetas: