Irunek baditu kalera ateratzeko nahikoa arrazoi

Inprimatzeko egokitutako bertsioa

cartel

Eragile talde handi batek, datorren martxoaren 15ean 20:00etan, Irungo San Juan Plazan kontzentrazio aldarrikatzaile bat antolatuko du “irundarron gehiengoak bizi dugun” egoera sozialarekin asperturik gaudela erakusteko.  

Mobilizazioa antolatzen dugun pertsona eta eragileok gure herrian ere lan eskubideen eta eskubide sozialen murrizketen erasoa jasaten ari garela bistarazi nahi dugu, lortzeko horrenbeste izerdi bota behar izan dugun eskubideetan alegia. Horretarako Irungo biztanleak beren sumindura eta aldarrikapenak adieraztera deitzen ditugu, kartel edota beste euskarrietan beren aldarrikapenak, goiburuak... ekarriz, egonezina ageriko egiteko.

Nahikoa arrazoi ditugu

Irun Gipuzkoako langabezia tasa handiena duen hiria da, Gipuzkoako eta EAEko batezbestekoaren gainetik dagoena, %19,20koa. Lanbideko zerrendetan izen emandako pertsonak 5000 baino gehiago dira, askok inolako diru-sarrerarik ez dutelarik. Honi Irunen ere prestazio sozialak eskuratu ahal izateko baldintzen zorroztea eta hauen zenbatekoaren jaitsiera zein Lanbideko trabatze egoera ere pairatzen ditugula gehitu behar zaio.

Beraz, Elikagai Bankuak, otsailak 25etik martxoak 1erako epean 477 familiari 23 tona elikagai banatu izana ez da harritzekoa. Ezta iaz 170 tona elikagai baino gehiago banatu izana ere.

Etxe-kaleratzeak egunero gertatzen dira gure herrian, 2012an 99 izan direlarik. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea ezerezean geratzen da banku eta instituzioentzat.

Lan gatazkak, kaleratzeak eta Lan Erregulazio Txostenak (LETak) eguneroko ogi dira gure herrian. Azken urteotan asko dira itxi behar izan duten enpresak, lanpostuak murriztu eta hauen egoerak ere okerrera egin duelarik.

Halaber zerbitzu publikoen kontrako etengabeko eraso etengabea jasaten dugula ezin dugu ahaztu, hezkuntza eta osasunean bereziki, edota funtzio publikoan, askotan Madrilgo aginduen derrigortasunaren aitzakiaz. Pentsioen izozketa zein jaitsiera, sendagaien ordainketa, hezkuntza eta osasunean murrizketak...  

Mendekotasun Legearen izozteak babesgabetasun eta injustizia egoera ugari eragin ditu.  

Laburbilduz, ez gara lan erreformatik, pentsio sistemaren erreformatik eta kapitalaren onurarako talde-negoziaketetatik kanpo bizi.

Baztertze, pobrezia eta urritasun egoeran dauden pertsona kopuruaren gorakadaren aurrean gaude. Guzti hau emakume itxurarekin.

Eta bien bitartean...

Banku eta kutxak erreskatatzen dituzte, gastu militarra gizentzen dute eta dirua ahta bezalako mega-azpiegituretan xahutzen dute, zerga-iruzurra onartzen da, milioiak paradisu fiskaletara libreki zirkulatzen dute, gutun-azal eta milioi askoko komisioak...

MOBILIZAZIORAKO ARRAZOIAK DITUGU: GURE EGONEZINA AGERIKO EGIN  DEZAGUN, BESTE EREDU SOZIAL ETA EKONOMIKO BATBEHARREZKOA DA!!!                       

Azkenik, martxoaren 16an, 17:30etan Bilboko Bihotz Sakratua Plazatik aterako den manifestaziorako deia egin nahi dugu, “EUSKAL HERRIAN LAN ETA ESKUBIDE SOZIAL DUINAK, MUGI GAITEZEN GURE ESKUBIDEEN ALDE. POR UN NUEVO MODELO SOCIAL Y ECONOMICO, MOVILICÉMONOS POR NUESTROS DERECHOS” lemapean egingo dena. 

DATORREN MARTXOAREN 15ean, OSTIRALA, ZATOZ SAN JUAN PLAZARA 20:00etan 

NAHIKOA ARRAZOI DITUGULAKO

Antolatu: AHT Gelditu! Elkarlana, Berealaia Kooperatiba, ELA sindikatua, Irungo Bilgune Feminista, Irungo Errepublikarrak, Labkaxita Hacklaba, Lab sindikatua, Lakaxita Gaztetxea, M15M. Moskuko Antifaxistak, Stop Desahucios Bidasoa